miércoles, 7 de febrero de 2018

EAEn fracking murrizketa egiten den legea TC atzera bota den ebazpenari buruz

Auzitegi Konstituzionalak Espainiar gobernuaren alde eta gure lurraldean frackinga mugatzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko legediaren kontra jo egin du. Erabaki honen aurrean, sententziak ekar ditzakeen ondorioen eta frackingaren aurkako borrokan eman beharko diren urratsen analisi bat egitea gustatuko litzaiguke.

1.- Lehenik lege hau baliozko 103.789 sinadurez babesturiko herri ekimen legegile batetik abiatu zela gogorarazi nahiko genuke, honek euskal eta, batez ere, Arabar gizartearen frackingaren aurkako gaitzespen zabala erakusten duelarik.
Sentzu honetan, estatuko gobernuak zulatuak izan daitezkeen eremuetako biztanleen borondatearen gainetik pasatzea onartezina iruditzen zaigu.
2.- Auzitegi Konstituzionalak artikulu bat aldatzea eta beste bat indargabetzea tamalgarria iruditzen zaigu. Legea murriztu dute, horrela frackinga egin nahi dutenentzako bidea erraztu eta gure ingurua, osasuna eta bizimodua suntsituz.
Murriztu duten legeak ez du frackinga debekatzen, baizik eta ingurumenaren babeserako neurri gehigarriei erreparatzen die. EAEko konpetentzia izanik, frackinga era zehatz batean erregulatzen du, sententziaren aurkako bozka eman duten hiru magistratuk onartu bezala.
3.- Askotan esan dugun bezala, legea frackiga eragozteko beste erraminta bat besterik ez da. Horregatik, gizarte osoari gure lurraldea zulatu nahi dutenen urratsei adi egoteko deia luzatzen diegu. Berriro ere, herri mugimendua horrelako beste edozein saiakera geldiarazteko erabakigarria izango da.
4.- Eusko Jaurlaritza eta SHESA euskal erakunde publikoa frackingaren apustuaren buru eta errudun direla gogorarazi nahiko genuke. Zentzu honetan, gure lurraldea hausteko aukeran pentsatzen jarraitzen dutela ulertzen dugu. Bestela, ez dugu ulertzen oraindik baimenen gehiengoa indarrean mantentzea eta joan den urtean Armentia 2 putzu a burutzeko aurkezturiko memorian “formazio hauetarako gaur egun frackinga teknikarik egokiena” dela espreski esatea. Memoria berean “une honetan gizarteak frackingarekiko duen gaitzespena dela eta, Armentia 2 putzuko zulaketan teknika hau erabiltzea alde batera uzten dela” aipatzen da.
5.- Jakinarazpen honekin bukatzeko Eusko Jaurlaritzari erregai fosilen eta, kasu honetan, gasaren apustua alde batera uzteko premia helarazten diogu, indarrean dauden baimen guztiak bertan behera utziz. Eusko Legebiltzarrean berri hau iragartzeko aukera paregabea daukate, izan ere, aurki Energiaren Euskal Erakundeko (EVE) zuzendari Iñigo Ansolak eta SHESAko zuzendari den Luis Muñozek eurek eskaturiko agerraldia egingo baitute.
SHESAk desagertu behar du eta EVEk egiazko trantsizio energetikoa lortzeko lan egiten duen erakunde bat izateko eraldatu behar du, efizientzia, kontsumoa murriztea eta energia berriztagarrietan oinarritzen den eredua bultzatuz. Aipaturiko trantsizioa zenbat eta beranduago hasi, orduan eta okerragoa izango da egoera datozen belaunaldientzat.

No hay comentarios:

Publicar un comentario