jueves, 23 de febrero de 2017

Atzoko manifestazioa

Gaur egun, zentzu izpi bat duen edonor jakitun da zer-nolako arriskua dakarren Garoña berriz irekitzeko baimenak.
Garoña berriz irekitzeko eskaerak jaso duen aldeko txostena, berez, denbora mugarik gabeko berritze baterako lehen urratsa izan da. CSNk arazoa Energia Ministerioari pasatu besterik ez du egin, eta Ministerioak ere eperik gabeko baimena eman lezake, Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren gomendioen aurka.
CSNko buruak, Fernando Marti Scharfhausenek, bost gutun bidali dizkio Energiako ministroari, eskatzeko aldaketak onar ditzala, baimenak berritzeko prozesua bizkorragoa izan dadin. Ofiziozko eskaera bat, instalazioen jabeen interesak besterik erakusten ez duena, erakunde aholku-emaile serio batek inoiz emango ez lukeena.
Hau da, aliantza garbia dago inposaketa hori ezarri nahi digutenen artean —PP, CSN eta Nuclenor (Iberdrola eta Endesa)—; eta gizartea kontra dute ia aho batez. Gizartearen eta politikaren arloko gehiengo horrek konpromiso pertsonal, kolektibo eta instituzionala hartu al dezake bere gain, Garoña eta energia nuklearra inposatzen dutenei benetako zigorra ezartzeko? Hitzetatik ekintzetara igaro daiteke; gehiengoaren salaketatik, gure bizitzei erruleta makabro hori ezartzearen arduradun politiko eta ekonomikoak baztertzera eta boikotatzera.
CSNren aldekotasuna aldez aurreko pauso bat da, berriz ireki ahal izateko; eta erakutsi du organo hori Alderdi Popularrak kontrolatua duela, alderdi horrek izendatu baititu organo horretako osoko bilkurako bost kideetatik hiru.
2013ko martxoan, eta Endesak eta Iberdrolak erdibana duten Nuclenor konpainia jabearen beraren erabakiz, itxi egin zen Garoña. Orain, urte gehiago dituelarik, zaharkituagoa eta arriskutsuagoa delarik, mantentze eta konpontze kostu handiagoak dituelarik, sinetsarazi nahi digute egoera ezin hobean dagoela eta normal funtziona dezakeela.
CSNk berak onartu du Nuclenorrek ez dituela aldez aurreko betekizunak bete, baina jabeen esku utzi du horiek betetzea edo ez. Horrek berekin dakar, izatez, segurtasun maila betetzetik ezkutuka salbuestea. Hala ohartarazi du Segurtasun Nuklearreko Teknikarien Elkarteak.
2011n bukatu ziren erreaktorea diseinatzean eman zitzaion bizialdiko 40 urteak. Bizialdi hori 60 urteraino luzatzea bidegabekeria da; are larriago, arduragabekeria da, arriskuan jartzen baititu ehunka mila lagun. Dirudienez, batzuentzat, Txernobyl edo Fukushima izenak ez dira aski energia nuklearra behin betiko baztertzeko.
Iraingarria da kolpista nuklearren arteko rol banaketa teatral hori. Haren arduradunek istripu larri baten arriskua inposatzen dute: heriotzak, lekualdatuak, laboratu ezin diren lurrak, eta saihestu zitekeenaren auhenak. Arduradun horiek (PPren gutxiengoko Gobernua, Endesa eta Iberdrola) denborak, izapideak eta diskurtsoak maneiatzen dituzte lotsarik gabe. Gizarte eta politika arloko gehiengoa garenez, inposizioen aurkako oposizio zabal, eraginkor eta atzera-eragilea baliarazi ahalko dugu, Garoña berriz ireki ez dezaten.
Premiazkoa da, lerro hauek irakurtzean, gogoeta sustatzeko eta Garoña egungo energia eredu oligarkiko eta sostengaezinaren testuinguruan kokatzeko bidea ere ematea. Beharrezkoa da energia eredu alternatibo bat gizarteratzeko pausoak ematea, eredu horretarako oinarri hauek hartuta: kontsumoa murriztea, autoekoizpena, modu batzuk ordeztea, eta energia berriztagarria.
Garoñaren kontrako Foroan elkartu gara hainbat gizarte talde, sindikatu eta ingurumen talde, bai eta alderdi politikoak eta gizabanakoak ere. Foro honetatik eskatzen dugu errespeta dadila Euskadiko gizarteko gehiengoaren iritzia, eta bereziki Arabakoarena: ez dadila Garoña berriz ireki. Edozein legitimotasun demokratiko ukatzen diogu Garoña berriz irekitzea inposatzen saiatzen ari direnei, eta eskatzen dugu bukaraz dadila hainbeste pertsonaren osasun eta bizitzarako arrisku larri hori.

No hay comentarios:

Publicar un comentario