domingo, 25 de noviembre de 2012

Gobernu berriari begira (Fraking ez Araba)

Gasteizen frackingaren aurkako azken manifestazioaren oihuen oihartzunak itzali gabe daude. Araba eta inguruko biztanleek argi eta ozen erakutsi zuten haustura hidraulikoaren aurkako jarrera. Adin, kolore eta pentsamolde desberdinetako jendearen aho bateko mezu zuzena entzun zen: fracking ez, ez hemen eta ez inon! Ikuspuntu guztietatik alferrikako proiektua dela argi azaldu du Fracking Ez Arabak. Urte osoan buru-belarri lanean aritu gara eta emaitzak ukaezinak dira: Arabako 26 udalerrietan frackingaren aurkako mozioak onartu dira,frackingaren aurkako borroka babesten duten alderdi politiko, sindikatu, lurraren defentsan diharduten elkarte, eta beste hainbat talderen kopurua ikusgarria da. Borroka babesten duten pertsonen kopurua milakotan zenbatu daitezke, horren guztiaren isla ederki baino hobeto ikusi genuen urriaren 6ko manifestazioan. Gizartearen borondateak ordea, politikarien asmoetan eta ekimenetan eragin behar du. Ezin dugu ahaztu frackinga, EAEko Gobernuaren babesean dagoen Hidrocarburos de Euskadi enpresa publikoaren eskutik datorrela Euskal Herrira. Guztiona den diruz ordainduko dituztela lehendabiziko txikizio lanak. Hori horrela, aurreko gobernuaren eta datorrenaren borondatea guztiz erabakigarria izango da. Datorren gobernuak frackingaren aurrean duen erronka ez da nolanahikoa: Energia industria boteretsutik datozen interesen aurrean makurtu eta lurraldea arriskuan ipini ala herritarren kezkari eta mezuari kasu egin eta proiektu hauek bertan behera utzi. Orain arte ikusitakoaren arabera, zalantza handiak ditugu datozen hilabeteei begira. Politikari guztiek diote ez dutela ingurumena arriskuan jarriko, baina ez dira horrenbeste frackinga ez dela egingo diotenak. Dagoeneko jendeak badaki, frackinga egiten bada, arriskuak ezingo direla ekidin, ezbeharrak gertatuko direla, eta nahiz enpresa zulatzaileak “praktika onak” egiten saiatu, baliabide fosiletan oinarritutako eredu energetikoak inongo etorkizunik ez duela. Klima aldaketa areagotu eta baliabide berriztagarrien atea itxiko du frackingak. Honen guztiaren aurrean, gure ustez, datorren Euskal Jaurlaritzak pauso argiak eman beharko ditu. Pauso zuzenek mugarri hauek barneratu beharko lituzkete: – Frackinga egiten hasteko diru publikoa ukatu. – EAEko eremuan, onarpenaren zain dauden Lurra, Lore, Saia eta Landarre hidrokarburo ikerketa baimenak atzera bota. – Jadanik Espainiako Estatuko Industria Ministerioak onarturiko dozena luze baimenak atzera botatzeko presioa egin. – Kantabriako Gobernuan frackinga debekatzeko emandako pausoak jarraitu eta horretarako bere esku dauden baliabide legegile guztiak erabili ekimenak gelditzeko. – Baliabide berriztagarrien aldeko apustu argia egin. Bitartean, Fracking Ez Arabak bere esku dituen bide guztiak jorratzen jarraituko du agindu duen bezala, baita gobernu berriaren pausuak aztertzen ere.

No hay comentarios:

Publicar un comentario