sábado, 11 de agosto de 2012

Maroto, inculto

Inculto y gran desconocedor de su cuidad y su calidad cultural. Asi se lo decimos desde Eguzki, pues a al vista de lo que le digo a Katixa Agirre, .. Alkate jaunak, barkamena eskatu beharko zenioke. Zure euskarazko hitzak, errespetua esanda, ez ditugu sinisten. Jarraian katixak esandakoa: Oraintxe amaitu diren Gasteizko jaietan (aleluia! bizirik atera naiz beste behin!), ohitura bitxi bat garatu dut. Etxera goizeko ordu txikietan heldu eta telebista piztuta, Teledeporte katera lotuta geratzen nintzen, Olinpiar Jokoen emankizun diferituekin zeharo hipnotizaturik. Hasieran uste nuen nire gorputz intoxikatuari eskaintzen nion ofrenda konpentsatzailea izan zitekeela hura. Gorputz gazte eta atletikoei begira txistorraz eta gin-tonikaz beteriko nire gorputz petrala mimatzeko modu birtual bat. Baina serio jarrita, ez dut uste hori zenik. Azken finean, nork zabaldu du kirola osasungarria den uste ustel hori? Ikusi duzue nola ailegatzen diren maratoi korrikalariak helmugara (ailegatzen direnak), bihotza eztarritik gora bota behar dutela? Zer esan gimnasten ukondo dislokatuei buruz? Edo garondoa tranpolinaren ertz zorrotzari etengabe eskaintzen dioten jauzilari ero horiei buruz? Beste alde batetik, ezin esan balore olinpikoek nire izaerarekin gehiegi bat egiten dutenik. Sakrifizio izpiritua? Diziplina? Ahalegina? Barkatu? Eta, hala ere, disfrutatu egin ditut pantaila aurrean igarotako minutu eta ordu horiek. Abiadura. Indarra. Potentzia. Nire bizitza-estiloak horrekin zerikusirik ez badu ere. Eta Gasteizko jaietara itzuliz: aurten txupineroa izan naiz. Abuztuaren 4an, arratsaldeko seietan eta San Miguel elizako balkoitik, nik eta beste hiru lagunek, bengala bat gerturatu genuen etxafuegora eta festei hasiera emateko ohorea izan genuen horrela. Aurten, Gasteizen euskaraz eta euskararen alde aritzen direnei omenaldia egitea zen ideia, eta EAJren eskutik, bertsolari bat, idazle bat eta euskaltegi zein ikastolen mundura lotutako pertsona bana izan gara hautatuak. Balkoian nengoela, txupineroak babesteko jarritako hesiaren bestaldetik, institutuko euskara irakasle ohia gerturatu zitzaidan. «Zorionak», esan zidan, «bazen garaia euskarak tokia izan zezan balkoi honetan, egun honetan behintzat, ezta?». Baietz esan nion, nik ere positibotzat nuela eta horregatik eman niola baiezkoa txupineroa izateko proposamenari. Gero alkatea gerturatu zitzaidan, eta, bi muxu eman ostean, gaztelera garbian zera galdetu zidan: «¿Tú en euskera qué haces? ¿Dantzari o eso?». Esadazue, arren: nola erantzuten zaio horrelako galdera bati? Nola azaldu alkate jaunari dantza orokorrean isilpean egiten dela, inongo hizkuntzaren laguntzarik gabe? Nola ulertarazi nik ez dudala dantzatzen, baldar samarra naizela horretan, baina badagoela euskal kultura aurreskua eta fandangotik harago, eta kultura hori berak gobernatzen duen hirian bertan egiten dela? Alferrikako lantzat hartu nuen eta «soy escritora» esan ostean jaira dedikatu nintzen, gehiegi pipertu gabe. Batzuetan pentsatzen dut hor egotea nahikoa izan daitekeela. Euskal kultura plaza nagusitik paseoan ateratzearekin aski izango dugula, apurka euskararen munduaren antipodetan egon direnak gerturatuz joan daitezen. Esposizio hutsez, egotearen egotez, halako batean, mundu horretatik zerbaitek arreta deituko diela: abesti batek, pertsonaia batek, liburu batek. Prozesu motela izango dela, zaila, baina hor egoteko beharra dugula, merezi dugulako eta haiek ere merezi dutelako, oraindik konturatu ez badira ere. Azken finean, nire bizitza-estiloak eta nire balio moralek ez dute bat egiten Olinpiar Jokoen parafernaliarekin; eta, hala ere, gaueko ordu txikietan, txistorraz eta gin-tonikaz horditurik, sentsibilitate minimo batez mundu horretaz disfrutatzea lortzen nuen. Gasteizen euskararekin gauza bera gerta zitekeela pentsatzen nuen. Orain ez nago horren seguru. Agian sentsibilitatea eta pentsamolde irekitasuna ez dira hain ohiko ezaugarriak nire hirikideen artean. Edota nire hirikideak gobernatzen dituztenen artean. Hala bada, kontua ez da hain larria. •

No hay comentarios:

Publicar un comentario