miércoles, 23 de mayo de 2012

Bildu Gasteizek salatzen ditu PSEk frakinaren inguruan egindako xantaia zein PPren kudeaketa eskasa, horien ondorioz bizikleten zerbitzu publikoa “sine die” bertan behera geratu delako

“Onartezina da Green Capital delakoa bizikleta publikorik gabe geratzea; hainbatetan esan genuen ezin zela zerbitzua eten”, esan du Amestoyk Udal bizikleten mailegu zerbitzu berria “sine die” bertan behera geratu ostean, Itziar Amestoy zinegotziak esan duenez “Eusko Jaurlaritzak erabaki du Arabako lurpea petrodolar batzuen truke saltzea, eta xantai horren ondorioak gasteiztarrok ordaintzen ari gara”. Amestoyk “onartezintzat” jo du “Texaseko enpresa batek esatea nola eta zer egin behar dugun gure lurraldean apurketa hidraulikoarekin, eta hori guztia hilotz politikoa den gobernu baten erabateko laguntzarekin, azaldu behar duena zer hitzartu duen enpresa iparramerikar horiekin holako mendekotasuna erakusteko”. Zinegotziaren ustez, “garapen bidean dauden nazioak kolonizatzeko ohitura nazkagarria daukate AEBek; orain PSEk herrialde europar bat ustiatzeko aukera eskaintzen die”. Amestoyk udal bizikleten mailegu zerbitzu berria “sine die” bertan behera geratzea eragin duen PPren kudeaketa ere aztertu du. Gogoratu duenez “Bilduk hainbatetan publikoki eskatu zuen bizikleten mailegua ez eteteko, beldur ginelako denbora luzez bertan behera geratuko zela, zoritxarrez gertatu den bezalaxe”. Bilduko ordezkariak kritikatu du Maroto alkatea eta udal gobernua ez direla gauza izan alkateak berak mugikortasun arloko proiekturik garrantzitsuentzat jotako zerbitzu horri eusteko, eta zera galdetu du: “zer gertatuko da orain udalerrian sistema berriak sortutako itxaropenekin. Esan ziguten Bostongo bizikleta eredua hartuko genuela, bizikletak Kanadan egiten ari zirela…, eta hori guztia desagertu egin da eta kea besterik ez dago orain”. Bilduk ez du onartzen bertan behera geratze mugagabe hori, eta proposatu du bestelako bideak bilatzea (adibidez, sistema berria partzialki garatzea, hasieran aurreikusitako bizikleta kopurua gutxituz, plan pilotu gisa), zerbitzua lehenbailehen berreskuratzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario