jueves, 18 de agosto de 2011

Udalak Gasteizko Mendietako parke eolikoaren proiektua geldiarazteko eskatu dio formalki Burgosi

Gasteizko Udalak Gaztela eta Leongo Juntaren Burgosko Ordezkaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Lurralde Zerbitzura bidali ditu Trebiñuko Konderriko parke eolikoaren proiektuaren alegazioak, zeinek ingurumen eta lege argudioak jasotzen baitituzte.

Gasteizko Udalak aurkeztutako alegazioek ondorioztatzen dute parke eolikoaren proiektu horrek eragin larria eta atzeraezina izango lukeela paisaian, eta eragin handia landaredian eta faunan. Horrek galera izugarria ekarriko luke naturaltasunari eta ingurumen erakargarritasunari dagokienez, naturarekin lotutako aisialdiak zein nekazaritza turismoak bilatzen dituzten balioak izaki, eta horrenbestez, erabilera publikoari zein tokiko erakundeen nekazaritza garapenari ere kalte eragingo lieke.




Gasteizko Udalak gogorarazten du, halaber, Eusko Jaurlaritza Gasteizko Mendien inguruko Natur Baliabideak Antolatzeko Plana lantzen ari dela, ingurua parke natural izendatzeko asmoz. Eusko Gobernuaren aginduak hau dio: “ezin izango da burutu egoera fisikoa eta biologikoa nabarmenki alda dezakeen ekintzarik, baldin eta aldaketa horren bitartez planaren helburuak gauzatzea oztopatzen edo eragozten bada”.

Alegazioek agerian uzten dutenez, gainera, “Condado de Treviño” izeneko parke eolikoaren eta horrekin lotutako instalazioen proiektuak benetan Gasteizko Mendietan hiru parke eoliko (“Condado de Treviño”, “El Portillo” eta “Busto”) tramitatzea dakar berekin. Parkearen sustatzaileak aurkeztu duen ingurumen eraginari buruzko azterlanak, ordea, ez du instalazio horiek guztiek batera dakarten ingurumen eragina aztertzen, ez eta horien sinergiek eta metaketak sortutakoa. Horrek agerian uzten du azterlana ez dela baliokoa, ez eta parkearen baimena bera; izan ere, bai Ingurumen Eraginaren Ebaluazioari buruzko Legeak bai alor horretako jurisprudentziak diotenez, inguru berean izaera bereko hainbat proiektu egonez gero osotasunaren ebaluazioa egin beharra dago.

Bestetik, Gasteizko Udalak uste du proiektu osagabea dela, ez baitu energia kanporatzeko linea barne hartzen. Alderdi hori garrantzitsua da, Trebiñuko Konderriko parke eolikoaren proiektuan konexioa sartuz gero Ingurumen Ministerioaren onespena beharko bailuke, bi autonomia erkidegoren lurralderi eragingo liekeelako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario